XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OINARRI BERAREN GAINEAN ORDAINTZEN DUTE ORAIN GIZARTE SEGURANTZAREN KOTIZAZIOA

Soldaten arabera kotizatzea nahi dute baxurako arrantzaleek

Baxurako arrantzaleen Gizarte Segurantzaren (GS) kotizazioen eredua aldatu egin dute berriki, eta aurrerantzean, oinarri beraren gainean ordainduko diote arrantzaleek GSri. Arrantzaleek, ordea, soldaten arabera kotizatu nahi dute, prestazioak jaitsi ez daitezen.

AURREKO astean, Espainiako Lan Ministerioak baxurako arrantzaleek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kotizazioen eredua aldatu egin zuen, EAJko talde parlamentarioak proposatuta.

Hileko kotizazio finko bat ezartzen du arau berriak.

Horrek galera handiak ekarriko dizkie baxurako arrantzaleei, kotizazioak jaitsita, prestazioek ere nabarmen egingo dutelako behera.

Hala salatu dute ELAko baxurako arrantzaleen ordezkariek, eta lehenbailehen atzera egiteko eta kotizazioak benetako soldaten arabera agintzeko exijitu diote Espainiako Gobernuari.

Guk nahi dugu benetako soldaten arabera ordaindu, gero prestazioak ere halakoak izan daitezen, adierazi du Juan Cruz Lopez Barrenak.

ELAko ordezkariak, Baina, alderantzizko aldaketak egin dituzte orain, gaineratu du.

Oinarri bereko kotizazioen ereduak ekar ditzakeen ondorioak aski ezagunak dira euskal arrantzaleentzat, batik bat Bizkaikoentzat.

Izan ere, orain arte aplikatu den eta orain kendu duten soldaten araberako kotizazio eredua Gipuzkoan soilik zegoen indarrean.

Bizkaian ez zuten sistema hori onartu, eta Gizarte Segurantzak baimena eman zien oinarrizko diru kopuru finko baten arabera kotizatzeko.

Ondorioak hauexen dira: Aurrejubilatutako Gipuzkoako mariñel batek 136.000 pezeta jasotzen ditu hilean (5.440 libera), eta Bizkaiko batek, aldiz, 96.000 pezeta.

Aurreko astean Madrilek onartutako lege berria indarrean jartzen denean. Bizkaian orain arte aplikatu den araua Gipuzkoara ere hedatuko da.

Benetako soldatak nola zenbatu Arrantzaleen diru sarrerak neurtzea ez da gauza samurra, harrapaketak zenbatekoak izango diren ez baitago aldez aurretik jakiterik.

Hilabete batetik bestera, egunduko aldea dago baxurako arrantzaleen diru sarreretan, eta horrezaz gainera, hiru hilabetez itsasora atera gabe egon ohi dira arrantzaleak. Hori guztia kontuan hartu behar da hilean Gizarte Segurantzari ordaindu beharko dioten diru kopurua finkatzeko.

Gutxiengo kotizazioa jar daiteke hasieran, eta gero, urtean behin edo kanpainen amaieran, harrapatutakoaren araberako kotizazioak jarri, proposatu du Juan Cruz Lopez Barrena ELAko ordezkariak. Bakailao arrantzaleek, esaterako, horrela zenbatzen dute Gizarte Segurantzaren kotizazioa.

Arrantzale bakoitzaren soldata zenbatzeko, arrantzontzi bakoitzeko harrapaketen balioa zatitu egiten da ontzian zeuden arrantzaleen artean. Partiketako zati bat patroiarentzat gordetzen dute.

Gizarte Segurantzako kotizazioak partitze horretan ateratzen diren soldatetara egokitzea beharrezkoa dela uste dute ELAkoek, hala egin ezean, langileen eskubideak murriztuko direlako.

Aurki indarrean sartuko den arauaren eta horrek ekarriko dituen ondorioen berri emateko, sentsibilizazio kanpaina bati ekingo diote orain arrantzaleek. Talde politikoetako eta erakundeetako ordezkariekin bilerak egiteko asmoa ere badute, atzera ere legea aldatu eta diru sarreren arabera kotizatu ahal izateko.